Gazteleraz edota frantsesez hizkuntzaren erabilera sexistari buruz ari garenean, genero maskulinoaren erabilera ezbaian jartzeko erronka izango da burura etorriko zaiguna. Gazteleraren kasuan, polemika ugari egon dira: Juan José Ibarretxe lehendakariak ‘vascos y vascas’ esaten zuelako, Bibiana Aido Berdintasun Ministroak ‘miembra’ esan zuelako, Espainako Errege Akademiak (RAE) hizkuntzaren erabilera ez sexistari buruzko gidak kritikatzen zituen txosten bat argitaratu zuelako…

 

Baina zer gertatzen da euskararen kasuan? Egia da genero markak ez dituen hizkuntza batetan egunerokoan zailtasun gutxiago somatzen ditugula (ikasleak, bazkideak, abokatuak… neutroak baitira), baina horrek esan nahi du euskararen erabileran ez dela sexismorik ageri? Hausnarketa eta eztabaidarik ba al dago honen inguruan euskal kulturaren baitan?

 

Amelia Barquinek idatzitako eta Emakundek argitaratutako ‘Euskararen erabilera ez sexista’ gidaliburua irakurriz gero, argi izango dugu euskaran ere ba dagoela zer hausnartu eta zer aldatu. Gidaliburu horren erreferentzia izanda, ikastaro honetan zer gehiago ikasi dezakegu? Idazle, kazetari, bertsolari edota itzultzaileen ekarpenak jasoko ditugu, diagnosi zehatz bat egiteko eta adibide eta esperientzia praktikoak biltzeko.

 

Gu komunikatzaileak izanda, argi daukagu idatzizko hizkuntzak lengoaia grafikoarekin daukan harremana. Horri buruz ere arituko gara. Horrez gain, “hizkuntza ez sexista” baino “hizkuntza inklusiboa” kontzeptua erabiltzen dugu, sexismoaz aparte hizkuntzan islatzen diren beste diskriminazio ardatzak ere aintzat hartu nahi ditugulako: heterosexismoa, etnozentrismoa, arrazakeria edota kapazitismoaz ariko gara, eta genero binarismoarekin apurtzeko bideak ere aztertuko ditugu.