Kultura bakoitzak gizarte horretako gizonen jokaera, jarrerak eta nahiak gidatzen dituzten kodeak, estereotipoak eta rolak dauzka; hortaz, maskulinotasunaren definizio "kulturala" dagoela esan dezakegu, eta askotariko identitate maskulinoak zeharkatzen eta baldintzatzen dituela definizio horrek. Beraz, eraikuntza sozial jakin bati erantzuten diote gizonengandik espero dugunak, gizon izateak berak eta kolektiboki gizontzat hartzen dugunak. Hori dela eta, badakigu maskulinotasuna definitzen duten ezaugarriak ez direla ez berezkoak, ez naturalak: sozialak dira, ikasitakoak. Horrek esan nahi du ez dagoela identitate maskulino bakarrik, ez eta maskulinotasun-eredu itxirik ere. Izan ere, errealitateari begiratzen diogunean, "gizon izateko" askotariko moduak ikus ditzakegu. Bestetik, hainbat aldagaik baldintzatzen dituzte modu horiek; besteak beste, adinak, klase sozialak, etniak eta kondizio edo hautu sexualak. Beraz, gizarte eta une historiko bakoitzean maskulinotasun-eredu nagusi eta hegemoniko bat dagoela esan genezake, baina baita askotariko identitate maskulinoak eta gizon izateko modu anitzak daudela ere.

 

Premisa horretatik abiatuta, hainbat mailatan lan egitea ahalbidetzen duen tresna gisa planteatu da ikastaro honetako prestakuntza-programa:

  • Alde batetik, errealitatearen azterketa sakona egingo da, genero-teorietatik abiatuta, gizonak eta emakumeak eraikitzeko moduaren inguruan hausnartzeko. Horretarako, gure gizarteko genero-harremanekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusia duten alderdi soziologikoak, politikoak, kulturalak eta ideologikoak jorratu behar dira.
  • Bestetik, esku hartzeko proposamenak aztertuko ditugu, eta, hortaz, gizonek beren burua eraikitzeko modua jorratuko dugu. Bada, gizonen maila pertsonal, emozional eta ideologikoaren gainean lan egiten utziko diguten tresna eta esperientzia zehatzak aztertzea da kontua, gizonei zuzendutako lan-ildoak zehaztea ahalbidetuko duten estrategiak garatzeko hortik, eta berdintasunezko praktiketara sartzeko horiek.
  • Azkenik, maila kolektiboan aldaketak gertatzea sustatuko duten eta berdintasunaren aldeko jarrera aktiboei bidea emango dieten programak eta esperientziak ezagutu eta aztertuko ditugu.